Skip to content

Éalú: Concept (Basque)

Concept – Cormac Breatnach

Nire azken grabazioa 2010eko ekainean hasi nuen, Gavin Ralston musikari eta ekoizlearekin. Berak diskako hainbat pieza moldatzen eta ekoizten lagundu zidan, eta haietarik seitan ahotsak sartzen ziren. Hala ere, azkenean, zazpi piezak baino ez zuten osatu lana, batez beste, sei minutuko iraupena zuela bakoitzak. Nire asmoen artean grabazioan gitarra elektrikoak izatea zen, eta horri dagokionez, eskertu egin behar diot Gavin lagunari agertu zuen aldeko jarrera.

Éalú – Foreign Links (Atzerriko Loturak) da grabazioaren izena. Éalú hitzak (“Ée-lu” ahozkaturik) hainbat adiera ditu: ihesa, maitaleek alde egitea, denboraren joana, itsasoaren gorabeherak. Nire bizitzan esanahi horiek guztiak esanguratsuak izan direnez, izen egoki iritzi nion Éalú berba horri. Nire azken musika-bidaia egin nuenetik hamahiru urte igaro direla, aparteko erregalia izan da oraingo honetan izan ditudan bidaideak: lau herrialdetako hamazazpi musikari eta bost kantari. Izan ere, Afrika (Nigeria eta Kongo), Amerika, Irlanda eta Japonia dute jatorri lagun horiek. Diskoak hamar konposizio instrumental berri ditu, neronek sortuak denak, eta gehienak diskoari izena ematen dion bederatzi minutu eta erdiko Éalú piezan biltzen dira.

Bestalde, ohore handia da niretzat beste musikari batzuen lau konposizio berri aurkeztea: bi Alan Griffinek eginak, bat Roger Doylerena eta azkena espainiar konposatzaile ezezagun batena.

Horietaz gain, Irlandako tradizioko bi kantu eta bost lan ere badira. Hemen grabatutako materialak leku ezinhobean daude, partekatutako esparru honetan, parte hartu duen lagun bakoitzaren ekarpenek kolore ñabardura desberdinak ematen baitizkiote atzerriko lotura ugari dituen disko honi.

Ohartarazi nahi nuke disko honen eta aurrekoen arteko desberdintasun batez: ez dut tin whistle bat bera ere erabili. Horien ordez, Susato markako hainbat low whistle erabili ditut: Do, Re, Mi bemol, Fa eta Sol tonukoak, hain zuzen ere. Eta bada beste berezitasun bat: oraingo honetan ez dut reel doinurik ere sartu.

Hona hemen grabazioa osatzen duten zazpi piezen azalpen labur bana:

The Minded izeneko doinu sortari jig batek ematen dio hasiera, eta nire bikotekidearen alaben izenak hartu ditu izenburu: Yvonne and Alyssa. Horren ondoren, Old Favourite jig txit ezaguna: dotorea eta kuttuna da niretzat, eta moldaketa jostagarriak egiteko aukerak ematen ditu. Azkenik, blues eta jazz musikak biziki maite ditudanez, doinu sorta osatzen duen amaierakoa bi mundu musikalen arteko lokarria da: sintetizadoreak “beste” mundura sartzen garela iragartzen du, eta oso ezaguna eta ederra den Butterfly izeneko slip-jig doinuaren bidez etxera itzultzen gara.

Universal Sun (Eguzki Unibertsala) izeneko pieza haur-kanta da, eta nire bikotekidearekin batera idatzi nuen. Eguzkiaren beroaren bizi-indarra azpimarratu nahi du, amodioaren metafora gisa, horiek gabe inongo bizidunik ez bailitzateke bizitzeko ezta garatzeko gai izango. Kantuan agertzen diren munduko animaliek gure gizarteko ahulenak irudikatzen dituzte, eta kantuaren bidez gogorarazi nahi dugu gure gizartean babes gutxien dutenak zapalduak izaten ohi direla, animalien antzera, beste batzuen irabazi asmoagatik. Kantuak ere aldarrikatzen du, guztiok epeletan goxo egoteko behar berbera dugularik, maitatuak izateko oinarrizko behar berbera ere badugula. Oinarrizko behar hori onartuz gero ikasiko dugu begirunea elkarri erakutsiz bizitzen, eta mundu honek bere buruaz beste egiteko tentazioari uko egin ahal izango dio.

CD honi izen ematen dio Éalú (Ihesa) izeneko piezak. Berez, instrumentala da, baina keening delakoa ere erabili dugu, negar-soinuaren moduko lanturu-kantua, tristura eta zoriona uztarturik irudikatzeko. Hamar minutuko musika-bidaia hau caoineadh batekin abiatzen da, hil eresi batekin, alegia, apurka-apurka zoriontasun egoera batera lerratuko dena. Eresia birritan agertzen da: lehenik, gizonezko batek kantaturik, eta, gero, emakumezko batek egina. Ez du letrarik ez testuinguru zehatzik, eta, horregatik, entzuleak berak bere bidaia osa dezake, nork bere erara uler baititzake pieza honetako doinuek irudikatzen dituzten emozio aldakorrak.

Kokia kantariak Tokiotik, eta neuk Irlandatik, biok batera parte hartuz, nazioarteko neurri zabalagoa hartzen du piezak.

Land Of Open Welcome? (Ongi etorri zabala ematen duen lurraldea?) Irlandako zaindaria den St. Patrick, San Patrizio, ospatzeko ereserki ezagunaren gaineko moldaketa da. Letra berriak ditu, San Patrizio eta Santa Brigita, biak ala biak omentzeko, Theo Dorgan olerkariak eginak.

Letrak santu bien indarrak batu nahi ditu, egungo Irlandarentzat gidari eta lagun izan daitezen. Duela zazpi urte idatzi baziren ere, gaur egungo krisi ekonomikoaren giroan ere arnas ematen dute letrek, eta are hunkigarriagoa da haien esanahia gaurko Irlandarentzat. Guztiok eskerrona eman beharrean gaude, daukaguna daukagulako, baina aitortu beharra dugu beste askok jasan behar duten sufrimendua, gure gizartean bazterturik daudela-eta, ondorioz, bidegabekeriaren zama jasotzen jarraitu behar baitute. Poz-pozik nago Vanessa Williams antzezle eta kantari afroamerikarrak tarte bat egin zuelako bere egutegi bete-betean, hainbat filmaketa lanen artean, pieza honetan kantatzeko. Bukaerako martxa, The Minstrel Boy, Irlandako kantu abertzalea da. Thomas Moore-k (1779–1852) idatzi zuen, The Moreen irlandar doinu zaharrari egokituta. Hemengoa, berriz, bertsio instrumentala da.

Steal a Kiss (Musu bat lapurtu) Roger Doyle piano jotzailearen konposizio mantso bat da, oroimenari dei egiten diona. Neuk sortutako trailer moduko baten itxura du, 1916ko gertaerak testuinguru dituela. Rogerrek piano jotzaile bat irudikatzen du, Dublingo hotel batean, eta bertatik GPO, Posta Bulego Nagusia ikusten da, 1916ko Pazko-matxinadaren lehengo egunean bertan. Harrezkero, eraikin hori britainar okupazioaren aurkako 1916ko irlandar matxinadaren ikur bilakatu zen. Pianista hoteleko atartean jotzen duen bitartean, hurbil duen emakume baten edertasunak hartu dio arreta eta pentsatzen hasten da emakumea nola limurtu eta erakarri.

Bien bitartean, arras bestelakoa da kanpoan gertatzen ari dena, pianistaren gertuko mundu horretatik kanpo: hoteleko leihotik kanpora uniforme berdeak jantzitako gizonak ikusten ditu, Posta Bulego Nagusiaren aurrean, eta horietariko batek han bildutakoei hitz egiten die, Irlandako Errepublikaren Aldarrikapena irakurriz. Pianistaren arreta berdez jantzitako gizon horretan bildu ahala, beste doinu bat sortzen zaio bere gogoaren barrenetik, ezohiko sentipenak eragiten dizkiona, jokaleku berria ezartzera doan egunsenti berria. Azkenik, XVII. mendeko gaitaren gerra-doinuek irudimenera ekarri nahi dute irlandar matxinoek, haietariko asko azken sakrifizioa egitera iritsi zirela, politika paisaian erakarri zuten aldaketa.

Hurrengo pieza, Foxtrot da, nongoa eta Espainiako Guadalajara probintziakoa. Carlos Beceiro galiziar musikariari entzun nion aurrena. Espainiako La Musgaña taldeko kidea da bera, eta 1995ean, Azore Uharteetan taldearen musika lehen aldiz aditu nuenean, piztu egin zitzaidan neure espainiar sustraiekiko interesa. Carlosek Toribio del Olmo dultzaina jolearengandik jaso zuen doinua, hark gordetzen baitzuen melodia. Foxtrot horri loturik, Alan Griffin euskal-irlandar musikariaren bi konposizio datoz. Alanek Euskal Herrian bizitzen, jotzen eta grabatzen eman ditu azken 25 urteak. Paddy Hayes zinema-zuzendariak aurkeztu zidan Alan, 2007ko maiatzean, Ceolchuairt telesaiorako nire musika bidaia filmatu genuen bitartean, TG4 irlanderazko telebista-katerako. Alanen Alboka taldearen Lau Anaiak diskoak inspirazioa piztu zidan, eta berriz iratzarri zituen nire euskal erroak.

Azken pieza, lanturu-kantua da, nire gurasoen oroimenez egina. Bata bestearen ondoren atoan hil ziren gurasoak, bata hil eta bi egunera hil baitzen bestea, 2007ko urrian. Hasierako doinua inspirazio iturri hartu zuen Aoife Doyle lagunak, letra oroitzapen ekarleak idaztean: eskerrik asko, Aoife. Lanturu-kantuaren izenburua “Slán agus Breatnach” da: aitak hitz joku horrexekin agurtzen zituen lagunak. Izan ere, “Agur eta Breatnacht” esan nahi du hitzez hitz, baina, jostetan, Irlandako “Slán agus Beannacht” ohiko agurraren oihartzuna dakar: “Agur eta bedeinkapenak“. Lau zati ditu pieza honek, eta gurasoen bizitza islatzen du, atzekoz aurrera: (i) hilobitik deika; (ii) hiletak; (iii) bizitzak; eta (iv) lehen bizi-arnasak.